miércoles, 16 de marzo de 2011

Mikel Laboa






                                      

 Mikel Laboa Manzisidor (Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a - Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal kantaria eta musikagilea izan zen. Hainbat adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abangoardia uztartu zituela, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena egileen pare.

Bizitza:
Donostiako Alde Zaharrean (San Joan kalean, 15ean) jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean, musika maite zuen familia batean. Feliciano Laboa zuen aita, sortzez Pasai Donibanekoa, eta EAJko zinegotzi izana Donostiako Udalean. Gainera, fiskornioa jotzen zuen Donibaneko La Constancia bandan. Amak, berriz, Donibaneko abesbatzan kantatzen zuen. Ohikoa zen Mikel gaztearen etxean kantuz ibiltzea; euskal kanta zahar asko ikasi zituen etxe giroan.
Baina Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan zuen: aitak, Udaleko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; amak eta zazpi seme-alabek, berriz, Lekeitio aldera, amak Gardata auzoan zuen baserrira, eta han bizi izan ziren aldi batean. Han bizi izan zuten Gernikako bonbardaketa, Laboak hiru urte zituela.

Gerra amaitu zenean, Donostiara itzuli zen familia osoa, eta Mikelek marianisten ikastetxe batean ikasi zuen. Han Jangoluke izeneko musika hirukotea osatu zuen. Gaztetan harmonikarekin saiatu zen Laboa, baina 16 urte zituenean gitarrarekin hasi zen. Urte haietan neska gazte bat ezagutu zuen Donostian; Marisol Bastida zen inpresio handia utzi zion gazte hura. 1964an ezkonduko ziren.    




No hay comentarios:

Publicar un comentario